miércoles, 27 de noviembre de 2013

Rochers de l' Épenet - Esti Kerexeta Fernández


Egun ilun eta euritsu hauetan askotan datozkit gogora udako egun argi eguzkitsuak, bereziki AEBn pasatutakoak. Bestalde, rokodromoan niretzat nahikoa izaten da pare bat orduz aritzea eta horrek denbora eskaintzen dit beste zeregin batzuei heltzeko, hain zuzen ere udako eskaladak kontatzeari.

Aurten bideoarekin probak egiten hasi gara, beraz, ez daukagu beste urteetan bezainbeste argazki. Oraingoz ez dugu emaitza ikusgarririk lortu baina hobetzen joango gara.

Bitartean egindakoa erakutsiko dizuet. AEBra joan baino lehenago, uztaila eta abuztuko egun gehienak Frantzian eman ditugu: autokarabanan deportiboa egiteko paradisua eta noizean behin bide luzeren batean ere indarrak neurtu ditugu. Horien artean gaurkoan aurkezten dudan hau: Rochers de l'Épenet


Urteak daramatzagu Grenobleko hegoaldean dagoen Vercors parkeko paisaia eta harriez gozatzen eta atseden hartzera Leoncel ingurura hurbildu garen bakoitzean, begirada horma honetara itsatsita geratzen zaigu. Baina ez zaigu inoiz eguna egokitu bertatik igotzeko.

Aurtengo helburua biderik luzeena aurkitu eta hortik gora igotzea zen. Krokisik gabe, horma azpira hurbildu ginen hurbiltze bidea ezagutzeko eta eskalada bidea aukeratzeko. Kotxea Col de Tourniol deritzon mendatean utzi daiteke eta errepidean behera kilometro bat ibili ondoren, 180ºko bihurgune batera heltzen zara, bertan badago aparkatzeko aukera, baina lapurretak direla eta gomendagarriagoa da mendate gainean aparkatzea
Hormara hurbildu ahala, diedro erakargarri bat nabarmen bereizten da. Ikusi ahala erabakia hartu genuen.

Bideak 2 luzetan zehar diedro erosoan zehar gora egiten du (V.mailako zailtasuna eta pausoren bat VI.ekoa)

Diedroak bere izaera galtzen duenean ezkerretara zeharkatzen da, ez da zaila baina harri blokeak daude eta kontu handiz ibili beharra dago.

Zeharkaldia bukatu eta beste luze labur bat harri hauskorrean gora berriro ere beste diedro batean sartu arte. Sartzeko pausoa oso gogorra egin zitzaidan, ezinean ibili nintzen. Hainbat konbinazio probatu ondoren, zeharkatzea lortu nuen eta "R"ra heldu.

Gerora jakin izan dugunez, hemen ezkerrera 3 metro zeharkatuz (A0) berriro ere bidearen zailtasuna bigundu egiten da, hau omen da jatorrizko bidea, baina gu eskumarantz joan ginen 7a+ eko aldaera batetik. Alexek erraz gainditu zituen zailtasunak baina ni trabatu nintzen eta gorriak pasa nituen, "R" bat asmatu behar izan zuen ni lagundu ahal izateko.

Azken ahalegina eta eguerdirako tontorrean ginen.


Behin tontorrean, eskumara egin behar da gailur lerroarekiko paralelo mendiaren leporaino eta hortik zuzen hartxingetan behera errepidera heldu arte.

Oso jarduera gomendagarria.

No hay comentarios: