…1987: Jerzy Kukuczak zortzimilako guztiak igotzen ditu, horietako 4 negu gorrian eta beste bederatzi bide berrietatik gora; aurreko urtean Reinhold Messnerrek amaitua zuen jada jarduera ikaragarri hura; eta ni, Atxarten, nire lehenengo eskalada bideak zabaltzen eta maisu handi horien pausoak noiz jarraitu amesten.
1987. urtean Alex eta biok Urrestein bide bat zabaldu genuen. Alexek dantza klasikoa praktikatzen zuenez, Marta Grahamen konpainiako ballet bat ikustera joan ginen: Clytemnestra (MD sup). Ikuskizunaren edertasuna, indarra, armonia e.a.ekin txunditurik izen hori jarri genion bideari.
Duela bi urte Alexek berak Zigor Arteagarekin bideari jarraipen bat eman zioten eta 40 metrorarte luzatu zuten, zailtasuna handituz: 7a.
Larunbatean, 25 urte beranduago, Alexek eta biok bidea reekipatzen amaitu dugu. Bidearen zailtasun eta luzeraz gain asko dira aldatu diren gauzak:
*bidea zabaldu genuenean iltzeak eta 8 mmko spitak sartu genituen “tac” txapa batzuekin (gaur egun ez dira existitzen) - orain altzairuzko paraboltak
* eskuzko spitadore eta mailu batekin egin genituen zuloak eta hautsa putz egiten garbitzen genuen - orain Hitachi taladro arin batekin eta hautsa kentzeko “bomba de soplado” bat erabiltzen dugu
*Seat 850 batean “Eskorbuto” taldearen kaseta topera entzuten gure koloreetako likrarekin jantzita joaten ginen – orain, kaseta? Zer da hori?
*Harrobiak oso txikiak ziren eta behin baino gehiagotan dinamitaren eztandak ikaratu gintuen – orain sekulako txikizioa burutu ondoren harrobiak gelditu dira baina AHTerako lanek (Abiadura Handiko Trena) haranaren erabateko hondamendiarekin jarraituko dute.
Aldaketa asko egon dira eta ez dira guztiak onerako izan, baina badira ere aldatu ez diren gauzak:
GOGOAK, ILUSIOA ETA ELKARREKIN JOATERAKOAN DISFRUTATZEN DUGUNA!!!
.
.
No hay comentarios:
Publicar un comentario