martes, 28 de abril de 2020

Amaia Razkin, mendi korrikalaria (EMF-FVM)

Amaia Razkin (1995, Uharte-Arakil, Nafarroa)

1. Nola daramazu berrogeialdia? 
Momentuaren arabera. Lanean jarraitu dudanez, agian ez dut hainbesterako aldaketarik nabaritu. Hala ere, jai egunak eta asteburuak etxean egotea kostatzen zait. Baina beno, edozeini bezala.

2. Sasoia mantentzeko zein entrenamendu mota egiten ari zara? 
2020ko denboraldia kolokan gelditu denez, egunean egunekoa. Hasieran, arrabola erabiltzen nuen, baina ez dut gustuko. Egoera hau luzatu egingo zela ikusirik, korrika egiteko zinta bat erosi nuen, eta egunean ordubete egiten saiatzen naiz. Denboraren, edo gogoaren arabera gehiago. Burua behartu dudanetan ere, indar ariketak egin ditut.

3. Aurten, zein egutegi egiteko asmoa zeneukan?
Euskal Selekzioarekin, Espainiako Ultra eta Lineako Txapelketak egin behar nituen. Hauetaz gain, gertuko beste lasterketa batzuk ere egin nahi nituen, esaterako, Jurramendi Trail (Aiegi, Nafarroa), Irati Trail eta Goierriko Bi Handiak (Beasain, Gipuzkoa).

4. Ekainetik edo uztailetik aurrera zerbait jokatuko denaren esperantzik baduzu?
Egia esan, ez dut itxaropen handirik. Gauden egoera ikusita, normaltasunerako bidea oso geldoa izango dela uste dut. Lasterketa ugari bertan behera utzi dituzte, ez baitakigu hau noiz amaituko den, eta zein izango diren hartu beharreko neurriak.

5. Zein ziren 2020rako zure helburuak?
Esperientzia hartzea lehenik. Orain artean lasterketa gutxi jokatu ditudanez, aurten, lasterketak egin nahi nituen horrek dakarrenarekin. Hau da, entrenamendu batzuk jarraitu, eta zein mailatan nengoen ikusi.

UNAI UGARTEMENDIA ZUBELDIA
(Prentsa arduraduna)

No hay comentarios: