Catherine Destivellen argazkiak Devil´s Tower-eko fisura eta diedro perfektuetan ikusten nituenean, amets egiten nuen harri horiekin, baina fantasia eta utopiazko ametsak ziren, loterian saritua izango bazina, diruarekin zer egingo zenukeen amets egiten den bezala. Nire plan zoriontsuenean ere ez nuen benetan uste nik ere egitura horiek sentituko nituenik, baina oraindik sinetsi ezinik banago ere, horrela izan da. Argazkiek behintzat hala diote.
Gure adorea testatzeko Dorreak bidalitako ekaitz ikusgarria
Ezin esan dezaket Destivellen mugimenduak egiteko aukera izan nituenik, bueno aukera bai, baina nire mugimenduek antza handiagoa izan zuten zizare edo har batekin Destivellekin baino. Oso eskalada berezia iruditu zitzaigun, material eta teknika egokirik gabe (nire kasua) oso zaila.
Zutabe basaltiko ikusgarri eta romoetan gora!
Kilometro pila bat egin ondoren Devil´s Towerreko profil magnetikoa ikusi genuenean arnasarik gabe geratu ginen, kotxea gelditu eta minutu batzuk pasa behar izan ziren burua berriro martxan jarri arte. Dorrearen magnetismoak erakarrita bertaraino hurbildu ginen eta gure harridurarako kanpin eroso bat zegoen dorrearen azpian. Bidaia luzea izan zen eta oso nekaturik bageunden ere, kanpin denda ipini eta berehala joan ginen buelta bat ematera eguraldia eta materialari buruzko informazioa bilatzera. Informazio bulegoan ez zeukaten eskaladari buruzko informaziorik eta “ranger”engana bidali gintuzten. Oraingoan bai, informazio ona lortu genuen. Erakutsi zigutenaren arabera gutxi dira tontorreraino doazen bideak eta gure materiala ikusita ez genuen aukera askorik. Arreta egin zigun rangerrak bide bat aholkatu zigun. Nahiz eta gutxienez 5 zenbakidun bi “friend” beharrezkoak izan (guk ez geneukan bat ere ez eta abuztuan ez zegoen beste inor eskalatzen), gure 4 zenbakidun friendarekin moldatu beharko ginen. Rangerrrak esan zigun horrekin posible zela, teknika egokia izanik ez zelako oso gogorra.
Gure asmoa hurrengo egunean atsedena hartzea zen, baina ekaitz arriskua egunez egun handitu egiten zela aurreikusten zenez biharamunean saiatuko ginela erabaki genuen. Atseden pixka bat hartzeko kanpoan afaltzea erabaki genuen eta hanburgesa batzuk hartu genituen entsalada batekin. Ez genuen asmatu, gerora jakin izan dugu Wyoming Iberiar penintsula baino handiagoa izanik 500.000 biztanle besterik ez duela eta ez dagoela janaria banatzeko sistema egokirik beraz, janari gehiena kadukaturik dago.
Gauez tximista eta trumoi beldurgarriek lagunduta euri zaparrada ugari izan genuen gure adorea erasotzen, goizean ,aldiz, zerua urdin zegoen. “Afariak” eragindako gastroenteritisak komunera behin eta berriro joatera behartu gintuen eta uste baino beranduago abiatu ginen dorrera. Bidearen oinera heltzerakoan, kordada bat ikusi genuen 3. luzean eta ziztu bizian hormara sartu ginen beheranzko bidearen berri izateko. Gure erritmorik bizienean igo genituen lehenengo 3 luzeak, arnasestuka, baina laugarrenera heldu orduko beste kordada harrapatu genuen. Batek gazteleraz nahiko ondo egiten zuen eta bestea bertako eskalada gidaria zen.
Material egokirik gabe babes
zaila duten pauso desplomatuetan
Zutabeak gertu badaude oposizioak errazagoak dira
Zutabeak amaitzean edo apurtuta badago,
arnasa lasaiago hartzen da
Bide guztia autobabesean egiten da. Bukaerako luzeak errazagoak dira, gure kasuan gainera jakinda Devil´s Tower ondo ezagutzen zuen tipo bat zegoela lasaitasun osoz igo genituen azken metroak, gozatuz. Hasieran mendiko gidaria zena hoztasunez agurtu gintuen, jeloskor oso azkar eta material gutxirekin ari ginelako, baina kanpotarrak ginela eta Alex ere eskalada gidaria zela jakin zuenean erabat aldatu zuen bere jarrera eta prest agertu zen beherantz joatean argibideak emateko. Eskerrak! Tontorrean denbora dezente eman genuen, baina hodeiak geroz eta ugariagoak zirela ikustean beherantz abiatzea erabaki genuen. Dorreko aurpegi bakoitzean rapelatzeko lerro bana dagoela esan zigun rangerrak, baina bertan ikusi ahal izan genuenez ez zen batere erraza hauek aurkitzea. Lehenengo rapela aurkitzeko 15 bat metro beherantz egin behar zen eta lekua nahiko labirintikoa zen. Hurrengo rapeletara heltzeko ere tarteka destrepeak leku arriskutsuetatik burutu behar ziren eta baten bukaeratik ez zen hurrengoa ere ikusten. Beraz, gu baino lehenago atera arren, beste kordadak emandako argibideei esker eta noizean behin ikusten genituenez, modu errazenean rapelatzea lortu genuen. Uztailak 4a zen, AEBko eguna.
Azken pausoak gailurreko lautadara heltzeko
Ametsa beteta
Kanpinean dutxa hartu eta Alexek bere cow-boy txanoa eta AEBko bandera zuen kamiseta berria jantzita materiala jasotzen hasi zenean jende piloa hurbildu zitzaion gure “ausardiaren” berri zuzena izateko. Alexek erantzuten zien Amerikagatik egiten genuela eta haiek pozaren pozez barbakoa erraldoi batera gonbidatu gintuzten (horrez gain, abioneta batean paseo bat egitera, tiro batzuk botatzera e.a.). Jende pila batekin afaldu genuen, ospakizunaz gozatu eta kanpinean gauero ipintzen zuten pelikula ikusi: “Encuentros en la 3ª fase”, Devil´s Towerren grabatuta dagoelako. Gauez, berriro ere sekulako ekaitza izan genuen eta hurrengo goizean euripean alde egin genuen.
Formak ez ezik koloreak era magikoak ditu.
Noski, deabruaren dorrea da
1 comentario:
Zorionak por cumplir uno de tus sueños, y jodo peazo sueño!!!
Publicar un comentario