martes, 5 de mayo de 2020

Igone Campos Odriozola, mendi eskiatzailea (EMF-FVM)

Igone Campos Odriozola (1991, Zumarraga, Gipuzkoa)

1.- Nola daramazu berrogeialdia?
Etxean sartuta egon behar izatea ez da erraza inorentzat eta aire librean, naturan, eguneko ordu asko ematea ohituta gaudenontzat, are gutxiago. Hala ere, uste baino hobeto daramat, are gehiago, momenturen batean eskertu ere egin dut halabeharrez etxean lasai egon behar izatea, izan ere, neguan zehar ez ditut jarraian hiru gau baino gehiago etxean lo egin, eta hori denboran nekagarria egiten da gorputzarentzat eta buruarentzat. Gainera, normalean egiteko denborarik ez, baina oso gustoko ditudan beste jarduera batzuei denbora eskaintzeko aukera izateak izugarri pozten nau.

2.- Sasoia mantentzeko zein entrenamendu mota egiten ari zara?
Arrabola, zintan korrika, indar ariketak eta luzaketak-yoga ere bai.

3.- Zein ziren aurtengorako zure helburuak?
Nire aurtengo helburu nagusira bidean nindoan, bertan behera geratzen zela esan zigutenean: Mendi Eskiko Espainiako Txapelketak. Lasterketa horiek ondo egin nahi nituen apirilean Italian jokatzekoak ziren Europako Txapelketetarako txartela lortzeko.

4.- Geldialdia gertatu arte egindako denboraldiarekin gustura amaitu al zenuen?
Kosta zitzaidan konturatzea, izan ere, dituzun helburuak bat-batean desagertzen direnean, hasieran, horretan jartzen duzu arreta guztia, hau da, egin nahi zenuen baina egin ez duzun horretan. Hala ere, hausnartzen jarri nintzen momentuan konturatu nintzen orain arte egindako bideaz izugarri gozatu dudala. Gainera, espero gabeko zerbait ere etorri zen denboraldi erdian: mendi eskiko emakume indartsuenekin Munduko Kopan lehiatzeko aukera. Iazko Igonerekin alderatuta koska bat gorago nagoela esango nuke, eta izugarrizko poza ematen dit hori sentitzeak. Beraz, bai, gustura nago egindakoarekin.

5.- Udararako zein asmorekin zenbiltzan?
Lehenengo, martxa hartzeko Euskal Herriko eta Espainiako txapelketak egin nahi nituen, Araian eta Izaban, hurrenezuhurren. Gero uztailean, inoiz egitekoa nintzen mendi maratoirik gogorrenean parte hartu nahi nuen, Trail Vielha-Molieresen (Herrialde Katalanak, Aran ibarra, 43 kilometro eta +4200 metro). Bukatzeko, Munduko Kopako lasterketa batzuk nituen buruan: Skyrace Comapedrosa (Andorra) eta Gorbeia Suzien, besteak beste.


UNAI UGARTEMENDIA ZUBELDIA
(Prentsa arduraduna)

No hay comentarios: