miércoles, 20 de mayo de 2020

Aitziber Urrutia Berrueta, eskalatzailea (EMF-FVM)

Aitziber Urrutia Berrueta (2002, Elorrio, Bizkaia)

- Nola pasa duzu berrogeialdia?
Egia esan, hasieran pixka bat kostatu zitzaidan egoera berri honetara moldatzea, baina azkenean espero baino hobeto pasa dut. Ez dut aspertzeko denbora askorik izan. Goizetan klaseak online bidez, arratsaldetan entrenamentua, etxekoekin sukaldatu, serieak ikusi, etab.

- Zer egin zenuen kirola egiteko baimena eman zuten lehen egunean?
Eskalatzera oraindik ezin garenez joan, lehenengo egunean korrika egitera joan nintzen, eta inoiz baino hobeto etorri zitzaidan. Gainera, zorionez, menditik nahiko gertu bizi naiz eta naturaz gozatu ahal izan nuen.

- Zein egutegi egiteko asmoa zeneukan aurten?
Espainiako Kopako blokeko eta zailtasuneko txapelketetan parte hartzeko asmoa neukan, bai maila absolutuan, bai jubeniletan. Euskal Herriko txapelketetan eta txapelketa herrikoietan ere parte hartu nahi nuen.

- Uztailetik aurrera zerbait jokatuko denaren esperantzarik baduzu?
Bai, ez egoera normal batean bezain beste, baina bai. Hainbat txapelketa bertan behera gelditu dira, baina dagoeneko Espainiako txapelketen egutegi berria bidali digute, beraz, ondo!

- Zein ziren 2020rako zure helburuak?
2020rako nire helburua, ahalik eta hobeen entrenatzen jarraitzea zen, Espainiako txapelketetan ahalik eta emaitza onenak lortzeko, eta gainontzeko txapelketetan aurreko urteetako postuak mantentzeko.

UNAI UGARTEMENDIA ZUBELDIA
(Prentsa arduraduna)

No hay comentarios: