Vercos deituriko parke naturala gure udako paradisua da: leku freskoak (gerizpetan eta 2000 metrotik gora, deportiba egiteko ondo ekipaturiko eskola ugari, paisaia zoragarriak, masifikaziorik ez, denetariko MTBrako ibilbideak, eta mendi erakargarriak; horietako bat magnetikoa da: Mt Aiguille.
Mendi hau igotzeko Chichilliane herrira joan beharra dago (bertan autokarabanentzako doako parking bat dago), baina kotxea “Richardiere” auzoan utzi behar da. Auzo hau zeharkatu eta 600 bat metrora parking handi bat dago. Bertatik ondo markatutako bidea hartzen da eta ordu eta erdi inguru ibili ondoren, horma azpiko lepora heltzen zara.
Azken bi urteetan eskalatu dugun arren, ez genuen bere bide “normala” ezagutzen eta aurten eskalatzen ez duten 2 lagunekin egiteko asmoa genuen, beraz, lehenago bidea ezagutzera joan ginen gure lagunen neurriko bidea izan zitekeen edo ez ikustera. Batzuetan gutaz arduratzen den “horrek” bere lanak egiten ditu eta krokisak EHn ahaztu bagenuen ere. Horma azpian geundela (aparkalekutik ordu eta erdira), Alexek paper bat aurkitu eta eskrupulo guztiak gainditu ondoren papera zabaldu eta… tatxaaaaan: krokisak!
Goitik ez zen inor ere ikusten, beherantz begiratzean aldiz, 15 bat minutura talde handi bat ikusi genuen beraz, ekipoa jantzi (katu-oinak ez genituen eraman, 3. mailako zailtasuna besterik ez duelako) eta gehiegi aztertu gabe bidean sartu ginen. Hasierako 2 luzeak grada eta diedro batzuetatik doaz, ez da begi-bistakoa biderik errazena baina bariante ezberdinetatik gora egin daiteke.
Ondoren eskumara zeharkatu behar da kable lodi batekin topo egin arte. Kablea jarraituz ensanblean lepo estu batera heltzen zara eta tximenea estu batetik 8 metro destrapatu eta gero kanal zabalago batean sartzen zara, ezkerrerantz. Kanala amaitzen denean eskumara hartu behar da krokisean adierazita dagoen bezala eta ondo bereizten den zuhaitz bakarti batera.
Zertxobait aurrera eta gorago berriro ere kablea dago eta berau jarraituta bukaerako tximenea zabalean sartzen zara azken 100 metroak egiteko.
Tximinia oso dibertigarria da eta kablearen laguntzaz ez dauka zailtasun nabarmenik (helduleku oso onak daude baina tarte batzuetan bertikala baino gehiago da, eta eskalatu ez duen batentzat ez dut uste erraza izango denik).
Ensanblean egiten dugu gehiena soka burua behin bakarrik aldatuz eta bidean sartu garenetik ordu eta 20 minutura tontorreko lorez betetako zelai berdean gaude. Bide normala erregistro liburua dagoen harri pilora irteten da zuzenean. Lautada honetan hegazkin batek lurra hartu zuen.
Hodei eta laino artean zelaia 10 minutuan zeharkatu eta tontorrean geunden. Zalantzan egon ginen beste kordadei itxaron edo ez, beherako bidea harriz betetako kanal batzuetatik doalako eta norbait gainetik izatea ez da oso komenigarria kaskoa eraman arren. Tontorrean 15 minutu eman ondoren ez genuenez inor ikusten ezta entzuten ere, beherantz joatea erabaki genuen. Beherantz joateko ohiko bidea ez da igoerako “bide normala”; honek zeharkaldi handiak egiten dituelako beraz rapelak ez lirateke bide beretik joango eta horrez gain, harri asko jauzi daitezkeelako. Behera joateko ohiko bidea nahiko laberintikoa da baina guk jada ezagutzen genuen eta ia guztia rapelatzeko ekipatuta badago ere, guk destrepatu egin dugu azken 2 rapelak izan ezik.
Rapelak muntatzen ari ginela beste kordadak ikusi genituen oraindik hormaren erdi aldera. Eskerrak ez genuela itxaron.
Bidea eskalatzaileontzat erraza den arren (eta sokak erabiltzen ez dakienarentzat oso zaila), oso polita da eta merezi du. Gainera, bide “mitikoa” da, izan ere, eskaladaren aitzindaritzat hartzen da eta eskalada hitzaren jatorria ere hemendik hartua da: lehenengo igoera egiteko arotz bat eraman zuten eskailerak egin zitzan, “eskalatzaile” bat zen. Guk ederto pasa genuen. Zoritzarrez gure lagunak ez ziren animatu eta ez zuten esperientzia ahaztezin hau bizi izan.
Mendi honetatik gertu kirol eskola nahiko dago, hurbilena, Trezaneen da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario