viernes, 26 de octubre de 2012

Mendi Lasterketa: Travesera Carreña-El Mazucu, Esti Kerexeta Fernández



Emakume irabazleen podioa: 
1. Marta Escudero, 2. Sara Fernandez, 3.Carmen Castaño

Aurreko asteburuan lagun batzuk antolatutako mendi lasterketa batean parte hartu nuen. Sekula ez naiz horretan aritu, izan ere ez nau batere erakartzen eta orain are gutxiago, eroen kirola dela esango nuke. Gero, eskalada arrisku kirola dela diote! 


Kontua da eskalatzera joan ginela Poo de Cabrales-era baina ostiralean euria ari zuenez ez genuen bertan eskalatzeko aukerarik izan; bestalde, lasterketa nahikoa laburra zen, hamar bat kilometrokoa eta horrek parte hartzera animatu ninduen, entrenamendu bat ere egin gabe. Nire bizitzan oso gutxitan joan naiz korrika edo footing egitera, eta azken boladan ez dut holakorik egin. 

Nire lagun Margarekin joan nintzen, eta berandu konturatu den arren, bera ere kirolari aparta da. Duela urte gutxi hasi baita mendira joaten, mendiko bizikletan ibiltzen eta abar, baina gogotik saiatzen da eta sasoian dago, 20 minutuko aldea atera baitzidan! 

Ohikoa da kirolari gazteen trebeziez harritzea eta belaunaldi berriek aurrekoak ordezkatzea, baina adi Margarekin, 47 urte izanik eta bere lanak eta ordutegiak entrenatzeko betarik eman ez arren, primeran moldatu zen . 

Partehartzaileen argazkia bazkaltzera joan aurretik

Guztientzat aholkua astiro hastea izan bazen ere, irteteko suziria bota zutenean denak hasi ziren ziztu bizian aldapan gora. Ni neu ere besteen abiadaz kutsatu eta korrika hasi nintzen, 800 metro pasa eta kasik gosaria botatzeko zorian sentitu nuen, zorabiaturik eta guztiz ahulduta. Edandako kafea bota eta jarraitzeko gogoak kendu zitzaizkidan, baina Alex tontorreko kontrolean zegoen eta lasterketa bukaeran geratuak ginen lagun taldekoak. Mendiz mendi 10 km zirenak, kotxez 25 km ziren eta ni kotxerik gabe nengoen. Beraz, oinez jarraitzea erabaki nuen erritmo ahalik eta biziena eramanez. Gerora jakin nuen oso gutxik egiten dutela korrika aldapan gora, erritmo bizian ibiltzea omen dela estrategia egokiena. 

Lasterketa hasierako metroak, Carreña herrian.
Azkar hasi izanak, hemendik gutxira lepotik ordaindu nuen. 

Ez dakit zorabioarengatik edo bidea ez nuelako ezagutzen, baina kilometro bat burutu ondoren, galdu egin nintzen. Atzera egin nuen eta zorionez oraindik ere nire atzetik parte-hartzaile batzuk zetozen. Haien atzetik eman nuen igoera osoa eta horrela ez nuen arreta jarri beharrik izan, artzainak balira bezala haien atzetik jarraitu nuen. Pixkanaka hobeto sentitzen joan nintzen eta nire aurretik zeuden parte-hartzaileek asko animatzen ninduten eta bidea gal ez nezan adi ibiltzen ziren. Beraz, igoera haiekin amaitzea erabaki nuen. Altuera garaieneko kotara heltzean Alex ikusi nuen nire zain eta honela, indarrak emateaz gain, beherantz egiteko gidaririk aproposena izan nuen. Eskerrak! Jaitsiera infernu bat zen, sekulako aldapa, guztiz lokaztuta eta higadurak zorroztutako kareharriak. Nik ez neukan irabazteko aukerarik, baina irabazteko gogoz doan pertsonaren buruan jarrita izugarri arriskutsua iruditu zitzaidan. 

Marga helmugara heltzen 

Ni neu, helmugan 20´ beranduago

Bizpahiru ipurdikada hartu eta konturatu gabe banengoen Mazucu herrira eramaten ninduen pistan. Herriko jendeak, oso jator, beraien etxeetako dutxak eskaini zizkiguten eta ondoren, sekulako hamaiketakoa. Bertako kalitatezko produktuak eta kopuru handitan. Gauzak honela, erraz berreskura daitezke indarrak. 

Esperientzia oso ona izan da, ederto pasa nuen, paisaia zoragarria, pertsona jator eta eskuzabalak, giro eta janari ona baina... kirol honen gogortasun eta arriskuek ez naute erakartzen. Beti baloratu dut kirol honetan aritzen diren kirolari edo zaletuak baina orain are gehiago. Hala ere, datorren urtean itzuliko naizela uste dut. 

Hurrengo egunean eguzkiak gogor jotzen zuen eta Poo de Cabrales-ko eskola zoragarrian eskalatu genuen eguzkipean. Hankak nekatuta genituen, baina hala ere ondo artikulatzea lortu genuen.




Igandean errepikatzeko asmoz oheratu ginen, baina euri zaparradek eta hanketako axubetek ez ziguten aukerarik eman.




No hay comentarios:

Publicar un comentario