viernes, 29 de junio de 2012

Gallatin Park, Europearrontzat ezezaguna - Esti Kerexeta Fernández



Bizitza errauts artean

Deabruaren dorrea behin ezagututa, Kaliforniara itzuli behar izan genuen. Montana eta Idahoko eremu bakartietatik bueltatzea erabaki genuen, baina lehenago Gillete ( Wyoming) hirian dagoen “coal” meatze erraldoia bisitatuz. “Coal” ikatz barietate bat da eta munduko ekoizpenaren herena meatze honetatik ateratzen dute. Bisita autobus batean egiten da eta hain da erraldoia, mineral zainak autobidera heltzen direnean autobidea lekuz aldatzen dutela. 



Asmatu ahal duzue zer den hau? 

Bisita interesgarri hau goizez egin ondoren, Montanako “Little Big Horn” zelai ospetsuetara joan ginen. Zelai hauetan indioek “Séptimo de Caballería”ri aurre egin zioten eta borroka irabazi zuten soldadu guztiak akabatuz, Caster generala barne. Orain sioux eta cheyenne indioen erreserba bat da eta bertan dagoen monumentua eta ingurua beraiek kudeatzen dute. Indioekin darabilten politika luze hitz egiteko kontua da eta ez dut gehiegi luzatu nahi, baina arreta deitu zigun bertan eman ziguten bertsioa. Indio gutxi dago, oso baztertuak eta ghetoetan bilduta; gainera, “zuriek” inbasioaren eraginez sortutako gatazkaz aritzen direnean, “migrazio” mugimenduez hitz egiten dute. Besterik ez bada, erreserba honetan indioek burututako hilketa defentsa bat izan zela aipatzen zuten; halere, hitzaldi eta dokumentala amaitzean jendeak negar egiten zuen zuriek jasandako sarraskiarekin hunkituta. Egia esateko lekua hunkigarria da, zelai berde leunak hilobiz beteta eta eguzkia urrutian ezkutatzean kolore bereziak oparituz. 

Little Big Hornen hilobiak, beltzez, Caster Generalarena

Gauez Bozeman hirira heltzean, lekurik aproposena bilatzeko indarrik gabe ikusi genuen lehenengo motelean geratzea erabaki genuen. Hurrengo egunean kanpinera joan eta mendiko dendara joan ginen informazio bila. Beti bezala, bertakoak laguntzeko prest agertu ziren eta bere aholkuei jarraituz Gallatin mendilerroan dauden zenbait eskalada eremu bisitatzera joan ginen. Eguraldia ekaiztsua zen, baina zaparrada artean eskalada batzuk burutu ahal izan genituen Hyalite Canyon, Gallatin Tower eta inguruan, baina badaezpada ere beti atzera begira hartzik ba ote zebilen begiratuz. 

Hyalite Canyoneko harri metamorfiko bitxia 

Beste hau aldiz, Gallatin Towerrekoa


Gallatin Towerreko 3. Luzean 


Handik, Idahora joan ginen “Crater of the Moon” parke naturala bisitatzeko asmoz. Gaua kanpinean pasa genuen. Herri hau ospetsua da lehendabiziko zentral nuklearra bertan jarri zutelako; herriaren sarreran hanburgesa atomikoak iragartzen dituzte. Parkea oso polita iruditu zitzaigun, baina nik esango nuke Teidekoa ikusgarriagoa dela. 

Harri solidoa izan arren, mugimendua ikusi egiten da


Izenak dena dio: “Crater of the moon” 


Laba korronteek utzitako tunelak



No hay comentarios:

Publicar un comentario